Garaizarko Matsorriak abesbatzak hogeita hamar urte bete ditu. Argazkiei begira, hil diren hainbat kidetaz gogoratu dira Iñaki Epelde, Joseba Sarasola eta Fernando Iraeta korukideak. Izan ere, “galera handiak” izan dituzte urte guzti hauetan. Hutsuneak “jende oso onarekin” bete dituzte. Ez soilik Garaizar eta Bilboko beste auzoetako kideekin, baita inguruko herrietako kideekin ere.

Lagun artean 30 urte kantuan

Argazkiak: Garaizarko Matsorriak | Ikusi handiago | Argazki originala

Jende gaztea gaur egun korura erakartzea “oso zaila” dela aitortzen duten arren, zorionekoak dira Garaizarko Matsorriak aurten pare bat lagun berri hurbildu zaizkielako. Oro har azken bost urtetan “hainbat fitxaje” egin dituzte. “Oso jende ona, zortzikoetan eta bestelako taldeetan ibilitakoak”. Hortaz, abesbatzak zerbait badu “erakartzen duena” Iñaki Epelde, Joseba Sarasola eta Fernando Iraeta korukideen arabera.

Osasun onean iritsi da taldea hiru hamarka betetzera. 35 lagunen batezbesteko adina 70 urtekoa bada ere, ez pentsa zahartuta daudenik. “Sasoiko gaude”, argitu dute. “Bizipoz handia duen jendea gara, eta hori funtsezkoa da”. Finean, familia “handi bat” osatzen dute.

Auzoko koru bezala jaio zen taldea, Garaizarko lonja batean. “Asmo apaleko abesbatza moduan”. Astean behin entseatzen zuten. Jose Luis Etxebarria Txelu izan zuten lehen zuzendaria, eta bera izan da hamaika urtetan taldearen alma materra.

Jose Antonio Calzada Surtirekin, 1999tik aurrera, astean bitan entseatzen hasi ziren. Zuzendaritza aldaketarekin, irakasteko eredua ere aldatu zen. “Une oso politak” bizi izan zituzten.

Surtiren erreleboa Miren Zubietak hartu zuen. “Musika irakaslea, nortasun handiko pertsona eta zuzendari ona” da Miren. Eta 35 kideren artean emakume bakarra. Berarekin, azken urteetan abesbatzaren maila “asko hobetu da”. Balantzea egiterako orduan, ez dago zalantzarik, bat datoz koruko kideak. Denborarekin  “gora egin du taldearen mailak, kalitateari dagokionez, eta dinamikak bestelakoak dira orain”. Batik bat, taldekideen “abesteko eta ikasteko gogoari esker” egin du gora.

Zuzendariek ez ezik taldeko presidenteek ere lan handia egin dute Garaizarko Matsorriak taldearen alde. Julio Pinilla eta Iñaki Epelde izan ziren lehen bi presidenteak. Iñaki Baroja, hirugarrena. Iñaki taldean “indartsu” sartu zela ez dute ahazteko, “iraultza handia eragin baitzuen”, besteak beste, taldea desagertzear zegoen garaian eustea eta aurrera egitea lortu zuen.

Garaizarko lonjan biltzen hasi zen koruak Birjinetxe ikastetxeko aretoa erabiltzen du egun entseatzeko. Gela handia bat da, “primerakoa”, eta gustura daude bertan. “Abesbatz askok ez dute horrelakorik”, diotenez.

Urteurrena eta oroitzapenak

Joan den ikasturtean zehar eskaini duen ikuskizun “bereziena” Deustuko Done Petri elizan maiatzean eskaini zuen Garaizarko Matsorriak abesbatzak Pessaceko (Bordele) Intermittence Choralekin batera. “Ez ohiko” kontzertua izan zen ia 40 musikarirekin. Kontzertu alardea. “Guretzat oso garrantzitsua mailan gora egiteko”, Fernandoren esanetan.

Hiru hamarkadetan kontzertu “handiak” hainbat izan dira. Josebak abesbatzaren 25. urteurrean kantatutako operako ariak gogoan ditu, baita Baigorrira egindako bisita ere. “Herrialde bakoitzeko abesbatza bana elkartu ginen. Oso polita izan zen. 12 euro balio zituen sarrerak, eta leporaino bete zen eliza. Itzela izan zen, giroagatik batez ere. Ahaztezina”.

Oroitzapenetan murgilduta, Milaneko La Scalan abestu zutenekoa aipatu du Iñakik. “Kapritxoa” zuten, eta koruaren 25. urteurrenaren ostean, Milanera joan ziren, La  Escala ezagutzera. “Bertan abestu genuen, aurreko espaloian jarrita. Txalo jo ziguten han zebiltzan turistek”. Ezin izan zuten barrutik ikusi, itxita baitzegoen. Milaneko ametsa beteta, “egunerokoa bizitzea eta gozatzea da gure ametsa orain, lagun giroari eustea eta egunez egun hobetzea”.

Horretarako ondo bideratuta ditu Miren Zubieta zuzendariak, “koru euskalduna baikara, bertako errepertorioa duena”, eta bide horretan sakontzeko prest daude. Izan ere, Teobaldo Guerrero zuzendariarekin bat datoz garaizartarrak. “Bertako abestiak, betikoak ahazten ari gara, eta eutsi behar diogu gure ahozko ondareari. Ahaztuta dauden konposatzaileak eta ahaztuta dauden lanak berpiztu behar dira, eta hori da gure lana eta erronka”.

Indargunetzat dute korukideen konpromiso handia. 35 laguneko taldean, entseguetara 30etik gorakoa izan ohi da parte-hartzea. “Kide askorentzat korua bizitzako atal garrantzitsua da. Entseguei begira ibili ohi dira”. Lehen entsegu egunetik ardoa eta txorizoa ez dira falta. Aurrerapenaren adierazle, gaur egun taldeak catering arduraduna dauka.

Aste Nagusian

Udan atseden hartzen du Garaizarko Matsorriak abesbatzak Aste Nagusiko ostegunera arte. Abuztuaren 24an, 40 bat lagun elkartzekoak dira bost-seigarren urtez jarraian Alde Zaharrean lagun artean kantu kantari ibiltzeko. “Guk goiz polita pasatzen dugu eta ahalegintzen gara gure ingurukoek ere antzera pasa dezaten”, dio Josebak. Abesti herrikoiak interpretatuko dituzte, koruaren sorreratik abestu dituztenak, esaterako, Festara, Boga boga, Goizeko izarra, Beti maite… eta parrandari ekiten diotenean, “protokolotik kanpo”, besteak beste, Benito Lertxundirenak eta Xalbadorren heriotzean kantatu ohi dituzte. “Oso gustuko ditugu bai guk bai entzuleek”. Oporren ostean, ikasturte berriari hasiera emango diote. Lehen hitzordua finkatu dute jada, irailaren 4an.

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies