Mama gozoa!

Erabiltzailearen aurpegia Garaizarko Matsorriak 2017-10-06 11:19   Iritzia

Heldu da aurtengo Txikiteroen festa! Urriaren 11ra arte ekintza eta jardunaldi pilo bat antolatu dira Bilbon, Alde Zaharreko txoko guztietatik, kaleak jendez eta musikaz betez, txikitero giroaz gozatzeko.

Gu, Garaizako Matsorriak abesbatzako lagunak urriaren 9an, astelehenean, Mahatserritik Zazpi Kaletara jaitsiko gara, Unamuno plazako Geltoki tabernan hasi eta Plaza Barria zeharkatuz, Posta eta Jardinez kaleetara hurbilduko gara gure betiko kantak abestera eta txikitoak dastatzera.

Eta, urtero legez, urriaren 11n, datorren eguaztenean, egun nagusia ospatuko dugu, Begoñako amaren eguna, Bizkaiko herritar guztien zaindaria, sinesdun eta sinesgabeena. Eta, nola ez, txikiteroena.

Egun horretan, arratsaldeko zortzietan, La Bolsa eraikinaren atarian, Txikiteroen salbea abestuko dugu bertan elkartuko garen jendetzarekin, txapela buruan, tradizioak agintzen duen moduan.

Mahasti asko zegoen eta txakolin ugari egiten zen Mahatserrian, Begoñako Errepublika Zaharrean. Hortik jaso dugu guk ere gure izena, ‘matsorriak’.

Aste honetan, behin eta berriz abestuko dugu “Matsaren orpotik dator…”, Jesus Guridiren kanta. Abestu eta, noski, edan, mama gozoa!